XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) puntu honetan, diskurtsoek bat egiten dute aurreko atalean helduentzako irakaskuntzaren autonomizazioa deitu diogunarekin.

Eta kontzientzia hori abiapuntu delarik bilakatzen da irakaslea helduen euskalduntzearen eta euskararekin zerikusia daukaten bestelako gizarte gertakarien arteko bereizketaren igorle.

Oraingoan interesatzen zaigun gaian, helduentzako irakaskuntza isolaturik hartzeak zenbait emaitza dakar hizkuntzari buruzko irudikapenei eta beraren subjektu kolektiboei dagokienez:

1. Helduentzako irakaskuntzako ikaskuntza-gunea eta horretaz arduratzen diren eragileak (erakunde eta irakasleak), hizkuntzako partaide diren arren helduen euskalduntzea osatzen duten gizarte bilbapenean ezin sar daitezkeen eragile eta guneetatik bereizi eta bakoitza zehazki mugatzea.

2. Ikastaldeari espezifikotasun erreal eta sinbolikoa ematea, bera baita hizkuntza ikasten duena hizkuntzan funtsatutako subjektu kolektiboko kide sentiaraziko duen instantzia nagusia.

3. Helduen hizkuntz ikaskuntzarako gune, subjektu eta eragileak berez balioestea, oro har harturik.

Beraz, irakasle euskaldunberrien sail hau sartzearen ondorioz, aldaketa garrantzitsua gertatzen da hizkuntzari buruzko gizarte irudikapenen arloan, euskararen NORi (gizabanakoa edo berezko taldeak edo nazio komunitatea) eta NONi (familia edo kalea edo ikaskuntza-gunea euskaltegia, barnetegia) atxekitzen zaien zentzua ukitzen duen aldaketa, hain zuzen:

Hemen ikasleen beharren arabera zuzendu behar zara eta ez barnetegiaren kokapen konkretuagatik.

Eta zure lan metodoa tokatu zaizun ikastaldeari egokitu.

Ze, nahiz eta zuri beste gauza batzuk egitea gustatu, zuk ezin duzu inguruan duzunaren zure ikuspegia inposatu.

Profesionaltasun baterantz abiatu behar gara, lagundu behar diegu bere historian, azterketak aprobatzea dela edo dituzten nahiak.

Euskaraz komunikatzen erakutsi behar diegu, beraiek bere barruan dutenarekin, eta kitto.(E3: G/Eb/33/Ez Un)